Gure sustraiak

Carlos Menéndez (1945-2001)

Samurtasun Tailerrak bere sustraia ere baden iturritik edaten du: Carlos Menéndez eta Sustraia Sexologia Eskolaren proposamena.

Carlos Menéndez eta Sustraia Sexologia Eskola

Carlos Menéndez (1945/02/22-2001/11/20, Getxo, Bizkaia) sexologoa, terapeuta eta formatzailea izan zen. Sustraia Sexologia Eskola sortu zuen Bilbon eta hil zen arte zuzendu zuen. Han ikasi zuten ehunka pertsonek. Bertako formakuntzan ezagutza ez zen eraikitzen teoria abstraktutik soilik, baizik eta, batez ere, partekatutako esperientziatik, bizitakotik, gorputzetik, bestearekin elkartzearen bizipenetik.

Bere marko teorikoa

Carlosek bere diskurtso sexologikoa Efigenio Amezúak (1941-2024) garatutako Giza Sexu Izatearen marko epistemologikoan oinarritzen du, harekin ikasi baitzuen Incisex Sexologia Institutuan. Ikuspegi terapeutikoan erreferentzia nagusia Carl Rogers psikologoa da; gorputz terapian, masaje sentsitibo-gestaltikoan eta taldeekin egindako lanean egiten ari ziren ekarpenak ere bilduz. Sigmund Freuden ekarpen teorikoak ere erreferentzia garrantzitsuak dira; Carlosek lerro artean eta ironiarekin irakurtzera gonbidatzen zuen, psikoanalisitik urrunduz. Baita Erich Fromm eta Wilhelm Reich ere; filosofiatik Epikuro; antropologiatik Lévi Strauss eta Margaret Mead… Carlosek ezagutza entziklopedikoz erabiltzen zituen beste erreferentzia asko eta askoren artean.

Carlos Menéndez (1945-2001)

Bere proposamena

Bere ekarpen handiena alor teoriko hori guztia pentsamendu propio batean integratzea izan zen, eguneroko bizitzaren esperientzian sustraiturik, oinarriko kristau gisa bere begirada pertsonaletik eta inplikazio sozialetik. Haurra zenetik heriotzaren ertzean egon izanaren berezitasunarekin; denboraldi luzeak gaixorik egonda, hanka bat galduta belaunetik haurtzaroan, eta izterrondotik gaztaroan.

Carlosek, errotikako diskurtso humanista osatzeaz gain, hazkuntza pertsonalerako proposamen ederra eta ausarta eskaini zigun, gorputzetik eta laborantzaren bidez.

Carlos Menéndez (1945-2001)

Sexualitatea eta samurtasuna

Bere diskurtsoaren erdigunean sexualitatearen eta samurtasunaren definizioak daude, bere pentsamenduaren zein metodologia-proposamenaren muina direnak:

  • Sexualitatea plazera izateko nire gaitasuna da, komunikabide bat izanik zeinaren adierazpen gorena samurtasuna den.
  • Samurtasuna ni zuretzat garrantzitsua izateko nire gaitasuna da, zu niretzat garrantzitsua zarelako.

Hiru jarraibideak

Carlosek neurrigabeko balioa duten hiru jarraibide planteatzen ditu; bai proposatzen duen hazkuntza pertsonalerako, baita bizitzarako ere.

  • Ni naiz garrantzitsuena.
  • Ez dut egingo egin nahi ez dudan ezer.
  • Ez dut egin gabe utziko egin nahi dudan ezer.

Hiru jarraibide hauek Samurtasun-Tailerrean Samurtasunaren Iparrorratz gisa birformulatzen ditugu.

Bere ondarea

Carlos Menéndezek ez zuen ezer idatzita utzi, baina bere hitzaldi eta ematen zituen formakuntza saio asko grabatu ziren. Hitzaldi horietatik oso gutxi argitaratu dira gaur arte.

Sexualidad y ternura

Bilbo, 1990eko abendua

La sexualidad: una alternativa

Bilbo, 2000ko urtarrila

Duela urte batzuk lanean hasi ginen grabazio horien bilketa masiboa egiteko eta transkribatzeko; orain transkripzio horien prestatze-lanetan gabiltza argitaratzeko asmoarekin.
Lan honek laster fruituak ematea espero dugu, Carlos Menéndezen pentsamenduak bide berriak argitzen jarrai dezan

Carlosen oroimenez

2021ean, haren heriotzatik 20 urtera, Tu esencia abestia eta bideoklipa grabatu eta argitaratu genituen, Carlosen oroimenez eta omenez.