Samurtasunaren Iparrorratza
Hau da biderako iparrorratza.
Are, Iparrorratza bera da bidea.
Bidaia orok iparrorratz bat behar du, ez galtzeko, orientatzeko. Carlos Menéndezek eman zizkigun hiru jarraibideak biltzen ditu geureak, Samurtasun Tailerren garapenean Samurtasunaren Iparrorratz gisa birformulatu ditugunak.
Lurreko ipar magnetikoa seinalatzen duten iparrorratz imantatuetan ez bezala, iparrorratz honek nire erdigunea seinalatzen du beti, hau nire izaterantz doan bidaia delako.
Besteekin elkartzeko, samurtasunerako tresna da. Horregatik deitzen diogu Samurtasunaren Iparrorratza.
Samurtasunaren
Iparrorratzaren
hiru jarraibideak
Ni naiz garrantzitsuena
Ni neu erdigune gisa aitortzea, neure burua zaintzea, lehen tokian jartzea, honela bai, neuregandik, neu naizena zuri eskaini ahal izateko.
Neuk baldin badaukat soilik eman dezaket; ni nitaz betetzen banaiz soilik eman dezaket.
Inoiz ahaztu gabe, José Ortega y Gassetek esandakoa: ni naiz ni eta nire zirkunstantziak, eta haiek salbatzen ez baditut, ni neu ere ez naiz salbatuko.
Ez dut egingo egin nahi ez dudan ezer
Nire mugak errespetatzea eta zaintzea, ezetz esanez zerbait nahi ez dudanean.
Nahi ez dudana ez egiteak ez du komunikazioa hausten, kontrakoa baizik: benetako komunikaziora garamatza. Soilik horrela erlazionatu gaitezke besteak une oro nahi duena eta nahi ez duena esango didala jakiteak ematen didan lasaitasunarekin. Modu honetan soilik elkartu ahal izango gara benetan.
Zerbaiti ezetz esateak ez dakar zuri ezetz esatea. Nahi ez dudan zerbaiti emandako ezetza baino ez da. Zuri, zurekin elkartu nahi dudalako, baietz esaten ari natzaizulako. Eta zurekin elkartu nahi dudanez, esaten ari natzaizu nola elkartu nahi dudan zurekin.
Ez dut egin gabe utziko egin nahi dudan ezer
Erreferentzia ni naiz, ez bestea.
Gonbidapena da ez uztea ezer egin gabe, norbere mugengatik.
Beti noski, besteak eta testuingurua kontuan izanik eta zainduz.
Iparrorratz honen hiru jarraibideek zentzua dute baldin eta planteatzen badira elkartzerako, elkar zaintzeko, samurtasunerako.
Horregatik da Samurtasunaren Iparrorratza.
